IKASTOLA
Gipuzkoako Aldundiak diruz lagunduko du Ibaialde ikastola
Lodosa eta Sartagudako Ibaialde ikastolak egindako laguntza deiari erantzun dio Gipuzkoako Aldundiak, eta herrialdeko ikastoletan ikasten duen haur bakoitzeko euro bat bideratuko du Nafarroako zentro horren etorkizuna bermatzeko.
30/01/2012 11:18:00
DONOSTIA-. Lodosa eta Sartagudako Ibaialde ikastolak egoera ekonomiko larria bizi du, eta haren etorkizuna bermatzeko, ekimen ugari antolatu da, besteak beste Ikastolen Elkarteak egingo duen diru bilketa edota otsailaren 5ean Sartagudan egingo den elkartasun jaialdia.
Horrez gain, Euskadiko Kutxan kontu korronte bat ere ireki dute, nahi duenak ekarpenak egin ditzan (3035 0153 46 1531026051).
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egingo du kanpainarekin eta herrialdeko ikastoletan ikasle diren haur bakoitzeko euro bat eskainiko dio Lodosako zentroari, elkartasun keinu moduan. Guztira, gaur egindako agerraldi batean jakinarazi dutenez, 24.000 euro bideratuko dira.
"Auzolanaren deia egin dute ikastolek, eta horri erantzutera gatoz", adierazi dute Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Zigor Etxeburua Euskarako zuzendariak.
"Euskal Herria da euskararen lurraldea; ezin diogu entzungor egin euskaraz bizi nahi duten herrikide nafarren laguntza deiari", gaineratu dute.
Auzolanerako deiari elkartasunaren bitartez erantzuteaz gainera, arazoaren sorburuaren inguruan ere mintzatu dira Garitano eta Etxeburua. Izan ere, egoera honetara iristeko "egiturazko arazoak" daudela aipatu dute, tartean Paris eta Madrilek euskarazi bizitzeko jartzen dituzten "traba politikoak, juridikoak, ideologikoak, kulturalak eta soziolinguistikoak".
"Nafarroako Gobernuak ardura zuzena izan du horretan: beraren hizkuntza politikaren ondorioa da Lodosako Ibaialde ikastolaren egoera estua", argitu dute eta, beraz, hari dagokio, egoerari "irtenbide duina ematea, eskari hori luzatzen diogu hemendik".
Hori guztia dela-eta, ikastolen sorrera eta garapena ahalbidetu zuen auzolana "eredu hartuta", indarrak biltzeko deia egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek, "auzoko bi estatuek inposatutako erdal asimilazioa gaindituz, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko".


