ZUBIETAKO ERRAUSTEGIA
"Auzitegi Gorenak ere" Zubietako erraustegia "kolokan" jarri duela azpimarratu du Usurbilgo Udalak
Auzitegi Goren espainolak Txingudi Mankomunitatea Gipuzkoako Hondakinen Kontsortziotik kanpo utzi duenez, haren parte hartzearekin hartutako erabakiak balio juridikorik gabe utzi ditu, tartean Zubietan eraikitzekoa zen proiektua.
31/01/2012 11:19:00
DONOSTIA-. Usurbilgo Udalak ohar baten bitartez gogoratu duenez, 2009ko irailean EAEko Auzitegi Gorenak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko Estatutuen hainbat artikulu baliogabetu zituen eta, ondorioz, Kontsortzioaren zabalkuntza legez kontrakoa zenez, Txingudi Mankomunitatea hortik kanpora gelditu zen. Errausketa bultzatu zutenek helegitea aurkeztu zutela ere hartu du gogoan Usurbilgo gobernu taldeak.
Azaldu dutenez, joan den abenduan Auzitegi Goren espainolakk helegiteok baztertu zituen eta, beraz, "praktikan, Txingudi ez dela inoiz Kontsortzioko kidea izan" argitzen du. Ondorioz, Txingudik parte hartutako Kontsortzioko batzarretan adostutako erabakiak "baliogabetuta" utzi ditu epaileak.
Sententzia ikaragarria
Mertxe Aizpurua buru duen gobernu taldearen iritziz, sententziaren garrantzia "ikaragarria da, eragindako erabakien artean Zubietan eraikitzekoa zen proiektua baitago eta hark aurrera egiteko beharrezkoak ziren zenbait hitzarmen ere" bertan daudelako.
"Sententziak sortutako egoera –Usurbilgo Udalaren aburuz– honakoa da: errausketarako proiektuak gizartean sortzen duen gaitzespenari, eta bere ekonomiarako eta osasunerako kaltegarritasunari, proiektuaren ahulezia juridikoa gehitzen zaie orain".
Azkenik, azpimarratu dute aipatu auzitegiak "beste arrazoi bat" eman diola Gipuzkoako errausketarako proiektua "betirako baztertzeko: ez du oinarri juridikorik".


