BERTSOLARITZA
Martxan da Bardoak 2012, Nafarroako taldekako txapelketa berria
17 taldek hartuko dute parte eta guztira 51 bertsolari aterako dira plazara. Otsailaren 3tik martxoaren 31ra luzatuko da txapelketa berria.
31/01/2012 16:37:00
IRUÑEA-. Taldekako txapelketa berria abiatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Iaz Nafarroako Bertsolari Txapelketa bi urtetik behin egitea erabaki zuten eta horren osagarri gisa Bardoak 2012 antolatu dute.
Nafarroa mailako taldekako txapelketa bat da eta helburu nagusia bertsozaleari bertsolaritzaz gozatzeko aukera berritzailea eskaintzea da.
Berez, otsailaren 3tik martxoaren 31ra luzatzekoa zen, baina azken momentuan bertsolarien agenda arazoengatik lehen saioa urtarrilaren 27an egin zen Etxarrin.
Asteburu honetarako hainbat saio antolatu dituzte. Ostiralean Iruritako gizarte etxean
Bar-ideak (Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Kotte Plaza) eta Beratarrak (Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Aitor Elexpuru) neurtuko dira.
Egun berean, Doneztebeko Casinon bertso afaria egingo dute Jituk (Egoitz Gorosterrazu, Ander Fuentes “Itturri”, Maialen Belarra) eta Beteranoak (Saioa Alkaiza, Ander Baiano, Mikel Lasarte)
Lesakako Arrano elkartean ere bertso afaria egingo dute eta bertan izango dira aurrez aurre Altzuri, Edurnezuri eta amaordeak (Iban Garro, Josu Sanjurjo, Ioar Tainta) eta Xirristi-Mirristi (Xabier Terreros, Asier Saragueta, Xabier Zarraluki).
Larunbatean berriz, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxeko ganbaran bertso saioa izango da arratsaldeko 19.0etatik aurrera. Bertan neurtuko dituzte indarrak Lepatanatuek (Jon Barberena, Oier Amiano, Xabier Maia) eta Hautsi ta barratu (Arkaitz Goikoetxea, Oier Lakuntza, Haizea Beruete)
Finala Leitzan ospatuko da martxoaren 31n eta sailkatutako hiru taldeak igoko dira taulara, guztira bederatzi bertsolari.
Bardoak 2012 taldekako txapelketaren informazio osoa eta eguneratua (egutegia eta ordutegia, sarrerak nola eskuratu, bideoak eta argazkiak,…) www.bardoak.com gunean egongo da eta baita ere sare sozialetan jarraitzeko aukera izango da.


